Bidebietak bere nazioarteko loturak sendotu ditu Hannoverreko irakasleen bisitarekin, Erasmus+ programaren bidez

Irailaren 26, 27 eta 28an, eta urriaren 5, 6 eta 7an, Hannoverreko (Alemania) irakasle talde bat izan dugu gurean Bidebieta LHII ikastetxean, irakasleen job shadowing Erasmus+ programaren esparruan.

Iraileko azken astean BBS Burgdorf ikastetxeko bi irakasle izan genituen gure artean, eta urriko lehen astean, berriz, BBS Springe ikastetxeko lau irakasle. Bisitari esker, gure ikastetxea eta hezkuntza-sistema bertatik bertara ezagutzeaz gain, gure lantegietan sartzeko aukera izan zuten. Horietan, ikasleek beraiek hartu zuten ekimena alemaniar irakasleei une horretan egiten ari ziren lanei eta proiektuei buruzko azalpenak emateko.

Alderdi akademikoaz gain, BBS Springe irakasleek gure Administrazio saileko Izaskun Iturri irakaslearen gida-lan bikainaz gozatu ahal izan zuten, eta berarekin batera Gernika eta Urdaibairen ingurune ikusgarria ezagutzeko aukera izan zuten.

Bisita hauek duela hiru urte hasitako harreman hurbilaren eta elkarlanaren erantzuna dira; izan ere, orduan Bidebietako Administrazio eta Automozio mintegietako irakasleak izan ziren Alemanian job shadowing-a egin zutenak, eta harremanari eutsi ondoren, orain beraiek bueltatu digute bisita. Bi txandako bisita honi esker, gure nazioarteko loturak gehiago sendotu ditugu, kalitatezko hezkuntzarekin, irakasleen etengabeko ikaskuntzarekin eta hezkuntza-komunitate osoarentzat aukera berriak zabaltzearekin dugun konpromisoa berretsiz.

To top